Etnografia atalak

0

Ilustrazio hauek argitalpen honetatik hartutakoak dira: Floren Usia Barbara. Orozko haraneko kondaira mitiko ilustratuak. Orozkoko Udala, 2021. Irudien tratamendua: Irati Zarandona.

Badira jendeari zeregin askotan laguntzen dieten izaki txiki-txiki batzuk. Lan miragarriak egiteko gauza dira, bestela egin ezin direnak; eta eskuraezinak diren nahiak ere betetzen omen dituzte.

Izaki edo jeinu misteriotsu hauek hainbat izen hartzen dituzte euskaraz: pamerialak edo familiarrak —etxekotzat ditugulako—, gaizkinak —hala diotsete, nahiz eta berez gaiztoak izan ez, ezta onberak ere— mamorroak edo mozorroak, airetikakoak… Galtza gorridun gizon ñimiño eta ikusgaitzak direla diote batzuek, eta galtzagorriak edo prakagorriak deritzete. Ez gizonezkoak, ez andrezkoak direla ziurtatzen dute beste batzuek; eta euliak edota zorriak bezalakoxeak direla diotenak ere badaude egon.

Jeinu txiki horien jabeak orraztoki batean gorde ohi ditu. Libre utziz gero, ziztu bizian ateratzen dira, eskatzen zaizkien eginkizunei ekiteko prest beti, inoizkorik ezohikoenak diruditen arren, agindu bat bete orduko hurrengoa eman diezaien begira-begira. Langile finak ditugu, indartsuak eta tximista bezain azkarrak, baina gobernatzen ez dira batere errazak. Lan eske dihardute gau eta gauerdi, eta, agintzen zaien guztia di-da batean amaitzen dutenez, sarri askotan ezinezko mandatuak eskatu behar izaten zaizkie: errekako ura bahean ekarri, ardi-lana nabarra zuritu…

Orratzontzia irekita uztea besterik ez duzu, jeinutxook barrura sar daitezen. Mendi jakin batzuetako sasitza, iratze-sail eta otadietan batzen dira, baita haitzuloetan ere, eta egunez baino gauez nahiago. Batzuen esanetan, oilo batek balio duen beste dirurekin ere eros ditzakezu. Eta beste batzuenean, aldiz, inola ere ezin daitezke saldu, doan edo trukean eman eta hartu baino ez.

Inon diren lanik harrigarrienak egiten dituztenek —igarle, sasimediku, zubigile zein bestelako eraikitzaile trebeek— pamerialak dituztela esaten da, eta susmo bera hartzen zaie deabru eta sorginei. Are gehiago, erakusten dituzten naturaz gaindiko ahalmenak den-denean laguntzen dieten jeinuen botere magikoetatik datozkie, entzutea denez.

Pertsona batzuek mendean hartzen dituzte, harik eta heriotza heltzen zaien ordura arte; eta hil ezinik egoten dira, agonia luze eta larria arindu ezinik, orraztokia desagerrarazi, saldu edo beste nor edo nori eman ezik.

Zuotarikoren batek pentsatuko balu pentsatu esandako guztia gezurra dela, gogora dezala izena duenak izana ere baduela. Pena handia da gure arbasoekin estu lotzen izan gaituen transmisio-katea, halako batean, hautsi izana; izan ere, gurean kontatzen ziren behinolako ipuinetan protagonistak ziren aparteko izaki hauek direnik ere ez duzue agian jakingo. Zer umek ez du ezagutzen, baina, kriseilu miragarri baten barruan gatibu geratu zen jeinu ospetsu hura?

 

Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

 

Erreferentzia bibliografikoak:

José Miguel de Barandiaran. Diccionario ilustrado de mitología vasca y alguna de sus fuentes. Bilbo: La gran enciclopedia vasca, 1972.

Antonio Zavala. Txirritaren Bertsoak. Tolosa: Auspoa, 1971.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~