Labayru Gaur

0

Gaur, otsailak 28, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren webgunea aurkeztu da Itsasmuseumeko Daniel Zuloagaren muralaren aurrean: atlasetnografico.labayru.eus. Atlas Etnografikoa osotzen daben zortzi liburukiak digitalizatu dira, eta hemendik aurrera gura dauen guztiak eskura daukaz.

Aurkezpenean parte hartu dabe: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, Francisco Javier Zubiaur Etniker Euskalerria Taldeen ordezkariak eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskal kultura eta bizimoduari buruzko ikerketa da. Hainbat gai batzen ditu zortzi liburutan, eta orain eduki osoa webgune bakar batera ekarri da.

Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariak agurra egin deutsie Etnikerreko, Labayruko, erakundeetako eta hedabideetako kide guztiei. Ondoren, egitasmo honen arima izan diran Jose Miguel Barandiaran, Ander Manterola eta Gurutzi Arregi gogoratu ditu. Egitasmoaren garrantziaz eta balioaz jabetuta, ibilbidea eta edukia goratu ditu, digitalizazinoak dakarren onura azpimarratuta.

Francisco Javier Zubiaur Etniker Euskalerria Taldeen presidenteordeak Etnikeren 50 urteko ibilbidea eta Atlasaren jakingarri nagusiak emon ditu.

Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak kulturaren balioa azpimarratu dau. Gizarteak etorkizunerako hartu behar dituan erabagietan nondik gatozan jakitea ezinbestekoa da, zer garen gogoan hartzea.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, ikertzaileen lana azpimarratzeaz ganera, kolaborazino publiko-pribaduaren alde egin dau. Lan hau balio handikotzat jo dau umeakaz jarduten daben guraso eta irakasleentzat, transmisinoak jarraitu daian.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.