Labayru Gaur

0

Bilboko Eleizbarrutiak ‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko Aitamena sortu dau Bizkaian hainbat kultur arlotan ibilbide zabala egin dauan jentearen lana saritzeko. Lehenengo deialdian hiru arlo ezbardinetan ibilitako hiru persona saritu dabez: Félix García Olano, komunikazinoan; Benito Ansola, Kultura eta Fedean, eta Gurutzi Arregi Ondarean egin daben ekarpenagaitik.
Sari emotea urriaren 30ean izan zan Bilbon, Mario Izeta Bilboko gotzaina ekitaldi buru zala. Jente asko hurreratu zan, agintari, senide eta lagunak kontuan hartuta.
Ekitaldiari hasierea emoteko San Anton Abesbatzak Agur jaunak kantua abestu eban. Horren ostean Aitamenaren sorrera-dekretua irakurri eban Anabella Barrosok, Eleiz Artxiboko zuzendariak.
Ondoren etorri zan sari-banaketa. Omendu bakotxari buruz saritzeko merituak irakurri eta banan-banan emon eutsiezan gotzainak “Pro Ecclesia et Pontifice” domina eta plaka oroigarria.
Gurutzi Arregiri jagokonean, saria emoteko arrazoi nagusia izan zan ondare material eta ez materiala batzen, errekuperatzen eta zabaltzen Bizkaiko Eleizbarrutian egindako lana. Izan be, beste lan handi asko egin baditu be, Ermitas de Bizkaia lanaren egilea da, hiru aletan argitaratutako katalogoarena; eta Origen y significación de las ermitas de Bizkaia izeneko tesiarena be bai.
Gurutzi Arregi Labayru Fundazioko sortzaileetako bat da, Etnografia adarraren arduraduna, zuzendaritzako kidea urte askoan eta Etniker taldeen koordinadorea.
Gurutzik Eleizbarrutiari eskerrak emon eutsazan halako ohorea emotearren, gogora ekarri zituan ibilbide horretan lagundu deutsien beharlagunak, eta saria familiari eta Ander Manterolari eskaini eutsien, ikerketa-bizitza horretan beti alboan eukitearren.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.