Labayru Gaur

0

Aurten be hainbat egitasmo lantzen gabilz herri ondarea batzeko eta zabaltzeko. Egunotan Busturian ibili gara, adituakaz eta hango herritarrakaz herriko bideei buruzko informazinoa biltzen gero bideo batera ekarteko. Egitasmo hori urriko Ondarearen Europako Jardunaldietan erakutsiko da.

Horren moduan, Atlheticen andrak euki daben eta daukien lekua erakusteko, atzera begirakoa lantzen gabilz. Atlheticzaletasunaren transmisinoan ezinbestekoak izan dira emakumeak, gaur besteko ikusgarritasunik euki ez dabenean be. Beti dagoz holako prozesuetan aintzindariak, eta euron ibilbidea eta lekukotasuna jasoko dogu ikus-entzunezkoan.

Beste alde batetik, siniskerak, ohiturak eta errituak ohikoak dira kultura guztietan, baita gurean be. Holakoei erreparauko deutsegu beste egitasmo baten, natureagaz lotutakoei batez be: basoa, itsasoa, animaliak, landareak, iretargia eta abar kontuan hartuta.

Bilbon diktadura garaian sortutako dantza taldeen erregistroa egitea be helburutzat hartu dogu. Dantza gure kulturea adierazteko modu ia bakarra zan diktaduran, eta gure folkloreari eustea izan zan orduko gazte askoren urtenbidea. 1940tik hasi eta diktadura amaitu arte berrogei taldetik gora sortu ziran Bilbon, auzorik auzo. Batzuk hasi eta amaitu, beste batzuk zatitu, hemengo dantzariak hara aldatu… danetarik dago, baina ezin da ukatu kultur adierazpen bizi-bizia izan zala.

Herri ondareak bizimodu osoa hartzen dau eta hainbat ikuspegitatik aztertzen dogu, aurrekoengandik ikasitakoa hurrengoei erakusteko be.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.