Uztailaren 19an Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak bost urterako hitzarmena sinatu dabe erakunde bien izenean. Lankidetza-hitzarmen horren bidez, egitasmo batzuk egiteko konpromisoa hartu dabe.
Alde batetik, Labayruk bere 50 urteko ibilbidean metatutako testuak eta materialak Euskaltzaindiaren esku jarri ditu Euskararen Erreferentziako Corpusean txertatu eta horrekin egingo dituen azterlanetarako erabilteko. Horretara, ekarpen handia egin da mendebaldeko euskera ereduari buruz, testu kopuru aldetik eta eduki moten aldetik. Euskaltzaindiak corpus hori hiztegi eta gramatika gaiak aztertzeko materialtzat erabiliko dau.
Horrez gainera, lau idazlan argitaratzeko konpromisoa hartu dabe, bi aurten argitaratzeko, eta beste biak aurten prestau eta datorren urtean argitaratzeko. Mota oso ezbardineko lanak dira: Adolfo Arejitak egindako errefrau-bilduma, Juan Mateo Zabalaren lanaren edizino facsimila, Jose Mari Rementeriak egindako bilduma gipuzkerazko dotrinei buruz eta Angel Ugarteburuk idatzitako nobelea.
Horrez ganera, hitzarmen honek bidea emoten dau aurrerantzean erakunde bion artean beste era bateko materialak, artxiboen erabilera eta abar alkarregaz trukatzeko, nahiz ikastaroak edo irakaskuntza edo ikerketa arloan beste egitasmo batzuk konpartitzeko.