Idatz & Mintz aldizkaria aurrera doa, abenduan atera barri dogun aleak 77. zenbakia dau. Literaturaren ikuspegi ezbardinak batzen dituan argitalpen honetan, hainbat eratako artikuluak irakurri daitekez.
Hasteko, Miren Agur Meaberen sorkuntza dator, ‘Lorategi iluna’ eta ‘Anatomia-estudioa’, gogoeta-narrazino poetiko gisakoak. Luigi Anselmi ‘Boga’ izenburuaren azpian bost olerki batu ditu.
Narrazinoetan, Lourdes Unzuetak ‘Harea mobikorrak’ izenburuagaz, eraztun baten inguruan eratu dau kontakizuna. Eta Iratxe Ormatza Imatzek ‘Egunak dir-dir’ kontakizunean ama-alabak jarri ditu alkarren ondoan, berbarik bako alkarrizketan. Zer dakar egun bakotxak? Beti zeozer, bata bestearen ostean katea osotuaz.
Xabier Bovedak literatura unibersala zabaltzeko egiten dauen saioan, oraingoan Ana Blandiana idazle errumaniarra hurreratu deusku, haren ganeko jakingarri batzuk ez eze, poema hautu batzuk be euskeratu ditu.
Jabier Kaltzakortak ohikoa dauen moduan, herri literaturara jo dau oraingoan be, ‘Krimen-bertsoak Euskal Herrian: 1893. urteko heriotza Arnegi herrian’ artikuluaren bitartez. Arnegiko pasadizoaren ganeko bertsoak, eta krimenei buruzko beste batzuk ekarri ditu artikulu honetara.
Horrez ganera, oraingo honetan idazle berak Jose Basterretxea Oskillasok egindako Moby Dick eleberriaren itzulpen-laburpena errekuperatu dau. Lan hori argitaratu barik geratu zan, baina idazleak literatura unibersala euskerara ekarteko egindako ahaleginaren erakusle ezin hobea da.