Labayru Gaur

0

Labayru Fundazioak Igone Etxebarria izendatu dau zuzendari. Orain arte ardura horretan egon dan Adolfo Arejita, Artezkaritzako presidente izango da aurrerantzean, Jokin Gorozikaren ordez. Igone Etxebarria Fundazioaren zuzendariordea izan da azkeneko hamabi urteetan. Erantzukizun barria jasoterakoan adierazo dau “Labayruk erronka asko dituala aurrera begira, eta horretara jarriko dala”.

Igone Etxebarria, (Bedia, 1962). Euskal Filologian lizentziatua, ikasketak amaitu eta Labayrun hasi zan beharren (1985). Gero 14 urte egin zituan ETBn zuzentzaile eta euskera arduradun (1988-2002). Horren ostean, barriro Labayrura etorri eta, Eusko Jaurlaritzan Euskara Sustatzeko zuzendari egindako urte eta erdiko tartea kenduta (2005-2007), bertan jarraitu dau, 2008tik hona zuzendariorde dala.

Euskaltzain urgazlea da (1996-), Euskararen Aholku Batzordeko kide EJ (2001-2005), Euskara bizia batzordeko kide BFA (2011-).

Adolfo Arejita, Artezkaritzako presidente

Adolfo Arejita Labayruren sorreratik egon da erakundeari lotuta. Bere ibilbide profesionala Deustuko Unibersidadean egin dau, irakasle. Labayrun, lehenengo, zuzendari-laguntzailea izan zan, eta azkenengo hamabi urteetan zuzendari, Ander Manterolaren ondoren. Hemendik aurrera, Artezkaritzako buru edo presidente izango da, Jokin Gorozikak itxitako karguan. Jokin Gorozikak 2003tik bete dau kargu hori, eta orain presidenteorde moduan jarraituko dau.

Labayru Fundazioa

Igone Etxebarriak  erakundearen helburu estrategikoak aurrera eroatea eukiko dau eskuartean: euskerearen eta euskal kulturearen zabalkundea egitea transmisinoa bermatzeko, euskerearen kalidadea jagotea, digitalizazinoa, gizarteagaz bat egitea. Guztira 40 behargin dabilz Labayrun gaur egun.

Orain arte lankidetza estua egin dau Labayru Fundazioak gure herri-aginteakaz, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Bilboko Udala, Bizkaiko hainbat udal handi eta txiki; eta baita era askotako enpresa eta erakundeakaz be, kasurako, BBK, Bizkaia Irratia, Begoñazpi ikastola, Mutualia, Eudel… lankidetza horreek indartzea izango da beste erronketako bat Labayruren etorkizunerako.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.