Labayru Gaur

0

Bilboko Udalagaz daukagun hitzarmenaren barruan, Ikastolak loran mila koloretan izeneko bideoa eta liburua sortu eta argitaratu doguz. Gaur, azaroaren 15ean, aurkezpena egin dogu Bilboko udaletxean.

Lan horretan ikastolen hasierako urteetako jardueraren barri emoten da, lekukoen bitartez. Bertan parte hartzen dabe ikasle izandakoek, andereño ibilitakoek eta gurasoen ikuspegia azaltzen dabenek. Halakoak alkartu dira aurkezpenean be. Oso hunkigarria izan da hirurogei urte geroago andereño-ikasleak alkartzea lan honen bueltan.

Juan Mari Aburto alkateak euskerea, euskal kultura eta transmisinoa euren jomugan dagozala gogoratu dau, eta Labayrugaz urteetan behar egin dabela hainbeste egitasmotan helburuok beteteko.

Igone Etxebarriak lana egiten parte hartu eta lagundu deutsien guztiei eskerrak emon deutsiez. Alde batetik historia hori kontau beharra igarri dau lekukoen aldetik. Ganera, persona horreek badoaz eta garrantzitsua da euren testigantza zuzena hartzea.

Idea batzuk azpimarratu ditu Igonek lana egin ahala ondorio moduan hartzekoak diranak: 50-60ko kultura-mobimentua ezin da ulertu gerra aurreko Pizkundeko giroa barik; Xabier Peña izendatzen dabe danak ikastolak sortzeko lehenengo eragiletzat; gurasoen eta andereñoen indarra eta kemena goraipatzekoa da; gizartean sare zabala egoan diruz eta lanaren bitartez laguntasuna emoteko; andrazkoen ekina eta lan antolatua azpimarratzekoa da; izatez urietako mobimentua izan zan gehiago herrietakoa baino, gero danera zabaldu bazan be; Eleizearen babesa ezinbestekoa izan zan, euskal katekesi modura sortu ziran eta ikastola gehienak, eleiza eta konbentuetako lokaletan (San Nikolas, Iralabarriko frantziskotarrak, Karmelo, Deustuko parrokia eta pasiotarrak…).

Hasiera-hasierako eskoletako ikasleak eta irakasleren bat alkartzeko une egokia izan da. Eta ordukoek egindako lanari daukan balioa emotekoa be bai.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.