Gipuzkoako inauterien katalogoa egiteko enkargua hartu genduan iaz Eusko Jaurlaritzatik, aurretik Bizkaikoena egin genduan bidetik. Horretan jardun dau gurean Maddi Dorronsoro berrobitarrak, Labayruko lantaldearen barruan. Lana amaituta, Lizartzan hitzaldia egin dau hil honen hasieran, herriko eta Gipuzkoako beste herri batzuetako inaute-ospakizunei buruz. Entzule-talde ederra batu zan eta gustura egon ei ziran Maddi antropologoari entzuten. Diario Vascon artikulua egin dabe lan horren ganean.
Gipuzkoako inauterien katalogoa egiteko, herriz herri bertako jenteagaz berba egin dogu transmisino bidez ezagutu dabezan ospakizunei buruz galdetzeko. Hainbat herritan dantza- edo kultur-taldeak jardun dabe lehenagoko ohiturak berreskuratzen, eta halan gaur egun bizirik dagoz gerraostean eta diktadura garaian galdutako jarduerak.
Gipuzkoan tradizinoz datozen jardueretan, aitagarriak dira kaldereroen konpartsak, inude eta artzainen taldeak, puska-bilketa egitea eta herrian-herrian egiten diran dantzak. Dantza lotu-lotuta dago inauteri tradizionalakaz Gipuzkoako hainbat herritan.
Lan honen helburua ondare immateriala katalogetako pausuak egitea da, bihar-etzian babestu behar dan edo ez erabagi ahal izateko, ondarearen legeak agintzen dauen moduan.