Ispasterren ekitaldi ederra egin dabe Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko. Etxeetan hainbat tresna batu eta plazara atera dabez. Euron izenak irakastea zan helburua, eta bai, emon dau gogoratzeko bidea hara hurreratutako herritarren artean. Horrez ganera, Onintza Enbeita eta Janire Arrizabalaga bertsolariak horren ganean kantuan ipini dabez. Azkenean, meriendea eroateko otzaratik guk egindako liburuxka atera dabe: Ispastertarrak berbaz berba.
Egitasmoa iaz hasi zan, herritarrei esan jakenean herrian erabilten diran berbak batzeko, gazteei eta umeei erakusteko. Hainbatek eskaini eban bere ekarpena, eta batutako berbokaz etorri ziran Labayrura haregaz zeozer egin behar ebela-ta. Labayrutik, corpusa osotzeko, herritar batzuei grabazinoak egin geuntsiezan, arlo batzuk osotuteko.
Horregaz guztiagaz berrehun berbako berbategia batu da liburuxkan. Berba bakotxak hainbat informazino dakar: ahoz zelan esaten daben, esangurea, eta kontestua erakusteko adibidea, ahal izan dan guztietan eurek esandakoa.
Gaika batu dira berbak, eta Enrique Morenteren marrazki batzuk gehitu jakez, liburuaren apaingarritzat.
Gabonetarako etxe guztietara zabaltzea da asmoa.