Labayru Gaur

0
Javier Ortega 1990ean, Labayruko Artezkaritzaburu moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak erakundeari emondako 'Mañaricua Saria' hartzen.

Javier Ortega Uribe-Echevarria (1932-2018) Labayru Fundazioaren sorreratik bertatik dago, orduan “Labayru Ikastegia” zanaren, oraingo Labayru Fundazioaren eraikuntzaz eta luzaroko ibilbideaz bat eginda. Laguntzaile izan dogu heriotzako ordura arte eta ardurarik gorenak be bere gain hartu izan ditu. Artezkaritza, “Consejo Rector” dalakoaren Buru (presidente) izan zan 1990-1993 urte bitartean, baina Artezkaritza horretako kide askoz luzaroagoan, Labayru erakunde lez eregi izan zaneko 1977. urtetik bertatik. Artezkaritzaren Burutzan, bere aurretik izan zituan Juan José Aspuru, José M.ª Mugica eta Leopoldo Zugaza jaunak.

Bilboko semea. Pentsaerari jagokonez, kristinau ekintzailea eta sinistedun garbia. Bera beteko abertzalea bere bizi-ibilbide luzean. Langile fin gogaitbakoa, lagungina eta ongile handia, bai Labayrugazko, bai Eleizbarrutiagazko eta bai gure euskal gizarteagazko eskuzabal, borondatetsu eta amultsu jokatu dauen gizona.

Izaeraz adeitsua eta mazala, inguruko jenteagazko hartuemonean. Halantxe ezagutu dogu Labayruren Artezkaritzako bileretan eta urteroko Batzar Nagusietan. Emazte izan dauen eta ibilbide guztian ondo-ondoan euki dauen Bego Etcheberry andreagaz pozarren ozta jardun dau gizartearen alde lanean, apaltasunaren isilean.

Lanbidez, aparejadore lehenengo, arkitekto gero. Gazte zala, orduko denporan Belgikara joan zan eta han egin arkitekturako goi ikasketak. Espainian hango tituluei baliokidetasunik luzaroan emoten ez eutsiela-ta, Castor Uriarte arkitektiko gernikar ospetsuagaz lan egin hasieretan, Gernikako bonbakatu eben arte foruen uriko udal arkitekto izan zanagaz. Gernikar seme honen zaletasun eta espezializazino handietariko bat frontoiak izan ziran esku- eta zestako frontoiak izan ziran, Markinako uriak herriko seme kutun izendatzeraino.

Frontoien barrizte edo eraikitzearen lekukoa Javier Ortega arkitekto gazteak hartuko dau, eta beronen arkitektura eremu kutunena bihurtuko da, eta horregaz batera eleizak eta ondare balio handiko etxeak barrizte edo txukuntze lanean hartuko dau ardura berezia.

Aldi batez Bizkaiko aparejadore eta arkitekto teknikoen elkargo (kolegio) ofizialaren Buru izan zan, lanbide hori eta alkargoa bera arazoz eta korapiloz beterik egozan denporan. Aparejadore kide guztien eraspena eta aldekotasuna irabazi zituan bere ardura aldian, eta arazo larri eta astun ugariei urtenbide ona emon.

Javier Labayruko laguntzaileen urteko batzarrean, 2007an.

Politika arloan be jardun eban aldi baten, Bilboko zinegotzi kargua izan ebala agintaldi batez. Aldi horretako esperientzian oinarritua dago, behin baino sarriago entzun geuntsan esaldi hau: “En la administración todo funcionario tiende a crear otro funcionario”.

Frontoien eta kirol-lekuen esparruan egin zituan lanen artean, aitagarri ditugu Gasteizko Mendizorrotzako polikiroldegia, Algortan Fadurako polikiroldea, Oñatiko polikiroldegia, eta baita Barakaldokoa, Sestaokoa eta Artxandakoa be.

Herri arkitekturan, berari zor deutsaguz Arrasaten, Laboral Kutxaren eraikuntza guztiak, eta gaur Mondragon Unibertsitatearen egoitza dana, lehen Eskola Politeknikoa zana.

Garaiko herriko etxearen eta inguruaren barrizte eta atonketa beraren ardurapean egina da. Gogoan daukagu, harro sentidu zala, atontze lanok burutu ondoren. Lanak amaitu eta ostean, Labayruren Artezkaritza baten, honako berbak esan euskuzan: “¿Verdad que ha quedado bonito?”. Diktaduratik urten eta ostetxuan, orduantxe hasi ginan ohartzen gure herri txiki eta ertain askoren edertasunaz, barrizte lanak ondo egiten eta herriotako eraikuntzen berezko edertasuna agirian ipinten hasiak ziralako, luzaroko ilunaldi tristearen ostean.

Sondikako urigintza, errepide nagusitik ortusantu ingururaino egin zan kale-ibilbide dotorea be, Javier Ortega arkitektuaren esanera egina, artean itsusi itxurak agiri zituan Txorierriko herri honi edertasuna atzera emotera etorri zan. Harro egoan gure arkitektua, lortutako emaitzaz.

Eleiz eremuko arkitekturan egin zituan lanen artean, beren-beregi aitatzekoak dira batzuk. Halan, Ziarrotzako Kolegiataren barriztatzea, gerraostean sute txar batek hartu ebanetik bertanbehera egoana. Barriztazino horri esker sortu ahal izan zan beneditarren komunidadea Ziarrotzan.

Eleiza barrien egile ospetsu izan dogu Ortega arkitektoa. Indautxuko Karmengo Amaren eleizearena, batetik, –Javier Ortegaren beraren parrokia‑, Bizkaian XX. mendean egin izan dan eleizarik ederrenetakoa, ederrena ez bada. Eta beste batzuen artean, Algortako San Martin Tourskoaren eleizearena, Matienako San Prudentzioren eleizearena, Gernikako Lurgorriko San Frantziskoren eleizearena, Basauriko Andra Maria Edurretakoaren eta San Faustoren eleizearena, eta Donostiako Ibaietako Espiritu Santuaren eleizearena.

Eleizen barrizteta ugarien artean, bat aitatzearren, Arrasateko San Juan eleizearena.

Labayru Fundazioak, Javier Ortegaren moduko pertsonei, euskal kultureaz konpromezu sendoa hartu izan daben horreei, zor deutse sortu izana eta orain artean bizirik iraun izana.

Agur eta ohore, Fundazioaren eta beronen kide guztion izenean. Egun handira arte.

 

Labayru Fundazioaren zuzendaria

2018-04-10

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.