Labayru Gaur

0

Urriaren 3an jaso genduan Jose Mari Rementeria abade, ikertzaile eta euskerazale sendoaren heriotzearen barri. Ez ginduan albiste triste horrek gehiegi harritu. Bagenkian azkentsuon osasunez txarto ebilena. Heriotzeak ez dau parkatzen, ez deutso huts emoten geure inguruko gizartean preminazkoen sentitzen dogun horri be.

Labayru Fundazinoak hurreko lagun izan dau luzaroetan Rementeria jauna, berariaz euskerazko dotrinen munduan aditua gendualako, eta Labayruk, sorreratik gehiago, euskal literatura erlijiosoa ilunpetik argitara ekarteko gogoa eta lehia barru-barruan izan ditualako; bere zereginen behinenetakotzat hartu izan dauelako. Labayru Fundazioagazko kidetasun horren erakusgarri da gure erakundearen Laguntzaile izan dala.

Ander Manterola jaunak arteztu eta zuzendu dauen Derioko Euskal Bibliotekaren laguntzaile eta hornitzaile arduratsua izan da Rementeria ikertzailea. Nahinongo artxibo edo bibliotekatan bilatu eta ikertzen zituan euskal dotrinen edizino eskuragatxen kopia garbiak, neurriz eta itxuraz taiu berekoak, zuzentzen eta ikertzaile edo zaleei eskuraerraz ipinten gogoz eta ekinez jardun izan dau, berariaz gaur egungo internet eta sareetako baliabideak eskura izan ez diran aldian.

Aspaldiko amesa eban Rementeria jaunak, Euskerazko dotrinak, euskal lurralde guztietakoak, katalogo modura, baina bakotxaren azterketa zehatzaz lagundurik, atalka edo liburuka argitaratzea. Ander Manterola, Labayru Fundazioaren lehenagoko zuzendaria horretan bultzagile eta arnasa-emoile.

Azkenean be, 2018an, korona-izurriaren aurretxoan argia ikusi eban 1. liburuak: I. Bizkaieraz azpitituludunak. Kristau Katekesia Trentoko Kontziliotik Vatikanoko II. Kontziliora (1514-1962). Monografia aberatsa eta zehaztasun handikoa. Euskal eleizeak, sartaldeko euskeran lau mende eta erdian emondako frutuaren uzta ederra, batera eta agirian, Rementeria ikertzailearen inurri lanari esker.

Gipuzkeraz, lapurteraz eta beste hizkeratan aldikada luze horretan egin diran euskal dotrinen ikerketa be egina eukan Rementeria jaunak.

Ikertzaile lez arretatsua, zorrotza eta zehatza izan da, bere idatzizko lanetan ezagun eta agiriko danez. Dotrinen argitalpenak, eta argitaraldia, osotasun ikuspegiz aztertzen jakin dau: non eta noiz inprimatua, baimen idazkiak, sartaurreak, ilustrazinoak, letren tipografia, zenbateko argitaraldia, nori zuzendua, zelan banatu izan diran aleak, eta beste edozeinbere berezitasun izan dauen edizino bakotxak.

Teologian eta liturgian diplomatua genduan Salamancako Unibersidade Pontifikalean. Geroago, Euskal Elizbarruti arteko Katekesi eta Liturgia batzordean lankide, eta Elizen arteko Bibliaren itzultzaile-taldeko kide.

Jose Mari Rementeria, Bilboko Eleizbarrutiak izan dauen eleizgizon aditu bakan horreetarikoa izan dogu, euskera eta eleiz gaietan sakon zaletua, aspaldiko Markinaldeko eskola klasikoaren jarraigoko ikertzaile modernoa, Mogeldarren, Astarloatarren eta frai Bartolome Etxebarriko semearen eskolakoen oinordeko fina.

Adolfo Arejita

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.