Abenduaren 21ean José Miguel de Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrena bete zan. Etniker Taldeetan (José Miguelek berak sortutako izena, ‘etnografiako ikerketa’ esateko) etnografian jarduten dogunok esker oneko zorra daukagu beragaz. Taldeok sortu ezeze, disziplina bera guztiz aldatu eban, ordura arte ikuspegi erromantiko eta mugatuan landu zan eta. Barandiaranek ikuspuntu barria emon eutsan etnografiari, zientziaren ikuspegia, metodo sistematikoa ezarri, eta batez be, pentsakera guztiz zabalean oinarrituta. Halan jarri eban gure kultura Europakoaren barruan.
Urte gitxi barru mende bat beteko dabe berak bultzatutako lehenengo argitalpen etnografikoek; horrez ganera, hamarkada batzuk joan dira Etniker egitasmoa sortu ebanetik, hegoaldean lau talde eta Iparraldeko hiru lurraldeak batzen dituan beste bat dituala. Taldeok osotzen dabezan kideek hogeta hamar urte daroez alkarlanean egitasmoa osotzen, Atlas Etnográfico de Vasconia deritxona. Helburu horregaz batu ziran maila handiagoko egitura baten: Euskal Herriko Etniker Taldeak. Barandiaranek berak asmau eta bultzatutako egitasmoa da, eta lehenengo alea argitaratuta ikusi be egin eban, 102 urtegaz hil aurretxuan.
Talde-lan horren ganean egin leitekezan gogoetak eta kritikak gorabehera, alderdi bat nabarmendu behar da. Gaur egun Etniker Taldeok iraun egiten dabe eta jardunean jarraitzen dabe, joandako hamarkadek eta gizartearen aldaketek ekarritako mugak eraginda bada be. Zergaitik lortu eban Barandiaranek hainbeste jente erakartzea eta batuta jarraitzea, beste ezertan alkartu ezin izan dan lurraldea kontuan hartuta? Etniker Taldeetako kideen artean danerik dago, andrak eta gizonak, gazteak eta helduak, ikasketa era askotakoak eta hain bakoak, fededunak eta bakoak, pentsakera politiko ezbardinetakoak, hainbat euskalki erabilten dabezanak, gaztelania modu ezbardinak, edo frantsesa, mendiek banandutako paisaietan edo lautada zabaletan mobiduten diranak; eta aldeak alde, alkarregaz orain be.
Barandiaranek ardurea hartu eutsien euskaldunen ezaugarri bereziei, bereizten eta banatzen gaituenei; baina lehentasuna emon eutsien geure geureak diranei, eta gehien, nagusi dogunari: dibersidadeari. Lurraldeok eremu geografiko txikia hartzen dabe, baina txikitasun horretan maila guztietako aldaerak aurkituko ditugu, baita kulturan be.
Lekuan lekuko bitxikerietan geratu barik, txarto bideratu ezkero estereotipoak eta aurreretxiak nagusi diran lekura baino ez dabe eroaten eta, bere laguntzaileak bariedadea batzera bideratu ebazan, bakotxa jaio edo hazi dan lekuan. Eta horixe da danok batzen gaituena: bakotxak bereari deutsan maitasuna eta besteek eurena dabenari zor jakon errespetua.
Luis Manuel Peña, Ander Manterola, Gurutzi Arregi y Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Grupos Etniker Euskalerria
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.