Labayru Gaur

0

Juan Mari Uriarte Goirizelaia gotzaina, Fruizen jaioa, gure artetik joan barri dogu, 90 urteko bizi oparo eta emoitsua eskaini ondoren, kristau alkartean eta euskal gizartean sigilu sakon eta ereduzkoa itxita.

Juan Mari gotzain izendatua izan ostekoak dira gaur euskal gizartean eta zabalagoan haren izenari hotsa eta ospea ekarri deutsien ekintzak eta ibilbidea. Indarkeriak jota egoan gizarte zatitu baten, bakegintzaren alde egin izan dituan bost ahaleginak. Hori geratuko da nagusi historiarako, gure gotzain onaren biografian.

Baina guri, Labayru Fundazinoagaz izan dauen lotureaz eta ibilbideaz zeozer gomutara ekartea jagoku bere heriotz-gomuta honetan. Gainetikoaz nork zer esan ez da falta, herri eta erbestean.

Euskalduna eta euskalzalea izan dogu Juan Mari, txikitatik eta gehiago. Fruizko semea izanik eta 1933an jaioa, ez da harritzekoa: euskerea eta euskal izatea bere-bereak zituan; etxean eta inguruan, herrian, ez eban edoski besterik. Eta osteragotik ikusita, kanporantz agiriko eban baino askoz sakonago barruratua euki dauela erakutsi dau, euskaldun izate eta nortasuna. Gerora, jente aurreko berbaldietan, eleizakoetan, hedabideetan eta gizarte erakundeen aurreko agerraldi ugarietan ondo erakutsi dau ondo landua ebala euskal hizkuntza bera be: berbakera gozoa, erraz ulertzekoa eta apaina. Umetatik ekarrena ondo landuta eta umotuta.

Mungialderantz joten daben herrietako jentearen izakuneari jagokon era-erakoa izan dogu Juan Mari, pertsona isila, suabea eta laua izaeraz zein berbetaz, ahotik atera orduko esango ebana ondo neurtzekoa. Adimenez burutsua, sen astunekoa, eta ikaskuntza sendoaz eta luzeaz gaztetxotatik ondo hornidua. Gerora gizartean betetea tokau jakozan ardura eta erantzukizunei ziur eta zuhur erantzuteko prestakuntza sendoaren jabe.

Gizarteko gorabehera eta mobimentuei zuhur eta adi oharturik bizi izan da bere ibilbide guztian, eta betetea tokau jakozan eleiz arduretatik Eleizearen, Euskal Eleizearen ardatzari eta norabideari tinko eusten jakin dau, bestetariko haize-bolarei aurre eginik. Eta hori guztiori burua lar erakusteko lehia barik, baina eraginkortasunez jadetsi izan dau. Euskal Eleizea euskal kulturaz eta hizkuntzaz gantzuturik gura izan ditu, eta ez lehen eukan guztiaz bilozturik, eleiz gizartean sarri entzun izan diran joera oldartsuen kontrara.

Trantsizino urte gogorrak bizi izan zituan Bizkaiko Eleizeak Antonio Añoveros gotzainaren aldian, eta gotzain ardurea hartu eta bost bat urtera Juan Mari Uriarte izendatu eban gotzain laguntzaile. Eleiztar euskaldunen izatea, hizkuntza, sentipen, euskal gogo eta herri-jakintzaren alderdi horri Eleizbarrutitik eraginkortasunez erantzuteko asmoaz. Eretxi horretan gagoz.

Labayru Ikastegiaren sorrera bultzatzera eroan eben arrazoi beretsuak izan zituan Juan Marik, hedabide mailan Bilbo Herri Irratia sendotzeko, irakasuntzan ziharduen kristau eta eleiz babespeko ikastetxeei hauspoa eta adorea emoteko, eta Eleizbarrutiak bere ardura edo erantzukizun barruan izan zituan gizarte, formakuntza eta gainerako alkarte eta ekimenei indar egiteko. Euskal Eleizearen hazurdurea euskaldunon kulturaz mamindurik sentitzen zituan, eta horretara zuzendu zituan bere zazpi ahaleginak.

Labayrugazko eta beraren sorkuntzagazko lokarriak be zaharrak dira, filosofia horren ardatzean ulertu beharrekoak. Labayru Ikastegia, Instituto izan danaren sorreran bertan dogu Uriarte eleizgizonak ereindako hazia, eta hazitik erne eta hazi dan landarea, gaur egun Labayru Fundazioa dana.

Ezin bestean, bata besteari dautsazan izenak eta gizonak dira Ander Manterola eta Juan Mari Uriarte. Ez Labayruren sorreratik bakarrik, ezpada hainbat lehenagotik. Gaztetxo-bardingotako hartuemona lehenengo, Juan Mari eta Ander kurtso berekoak izan ziran-eta Arteako (Gaztelu-Elexabeiti) seminario txikian, Humanidadeak ikasten.

Behin abade egin eta ostean, Derioko Seminarioan alkartu zituan aduak edo zoriak 1968garren urtean, Bizkaiko Eleizea eta Derioko Seminarioa barrikuntza bidean abiatu ziranean. Semionarioko ikaskuntza eta formakuntzaren urrats barriak emon behar horretan, Juan Mari Uriarteren izena be tartean da, barrutik eragile nagusi ziran Mikel Saez de Cabezón eta Ander Manerolagaz batera,1968tik aurrera.

Eleizbarrutian euskal ikaskuntzen fundazino bat eregiteko asmoa eta gogoa, 1977ko eregite urte horretatik baino hainbat lehenagotik etorren. Fundazino edo Ikastegi horren zutabe izango ziran ekintza-ildoak 1970. urtetik abian ipiniak ziran Ander Manterolaren ardurapean, Eleizbarrutiaren Seminario-Ikastetxe eta Seminario Nagusi ziranen Derioko egoitza nagusian. Derioko Udako Euskal Ikastaroa, Bizkaiko Etniker Taldea eta Euskal Biblioteka izan ziran 70eko hamarkada hasieratik aurrera abian ziran hiru arlo nagusiak, euskerearen eta euskal kulturearen alde. Gizartean hutsune handia eta horren premina larria ezagun ziran.

Derioko Seminarioan hiru ekimen nagusiok bere bidea eginez bajoiazan be, aterpea emongo eutsen erakundea falta zan, eta urte batzuetan ezbaian egon zan Eleizbarrutia, erakunde-asmo horri aurrerapidea emon ala ez. Juan Mari Uriarte gotzain-laguntzailea izan zan horri sendoro bultz egin eutsana.

Lehenengo asmoa erakunde barri hori Elhuyar izenaz bataiatzea zan, baina azkenean Labayru historiagilearena ezarri jakon. Ander Manterolak Zeanuritik Euskal Herria liburuan dinoanez: “Juan Mari Uriarte beti izan da euskalzalea eta ezagutzen ebazan gure asmoak; ondo baino hobeto be bai; eta hutsunea be bai. Berak bultzatuta sortu eban don Antonio Añoverosek legez Labayru Ikastegia. Labayru ez neban nik asmau; Labayru goitik ezarritako izena da. “Qué te parece este historiador de Bizkaia?” Ba konforme”.

Labayru Fundazioaren aurkezpen-liburuska apainean, erakunde barriari bermea eta onespena emoten deutsen Ohorezko Laguntzaile izan ziranen artean dogu Juan Mari Uriarteren izena be, itxaropen-emoile diran berba idatziakaz batera.

Labayru Fundazioak, 2017ko martiaren 27an, Erakundeak sortu izan zaneko 40. urteurrenean eratu eban Laguntzaileen Batzar Nagusian, omenaldia eskeini eutsan, sorrerako laguntzaile izan ziran besteakaz batera, eta estimatzekoa izan zan berak han parte hartzea eta eskeini euskuzan eskerronezko berba gozoak.

Bizitza ondo betearen eta euskal gizartearentzako eredu ezin hobearen lekuko, Juan Mari Uriarte. Berak emondako arnasea eta erakutsitako lekukotasuna gogoan izango ditu aurrerakoan be Labayru Fundazioak.

Adolfo Arejita

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.