Labayru Gaur

0

Igaro dan abuztuaren 10ean joan jakun gure artetik Juan Zelaia (Oñati, 1920-2016) enpresagizon eta euskal ongile handia, 96 urtera ailegatu hurren (abuztuaren 29an jaioa zan), bizitza luze bizi eragin eta emoitsu baten ondorik. Juanito esaten eutsen etxekotasunez lagun eta ezagun hurrekoek.

Aspalditxuon ez geunkan haren barri handirik, baina badakigu geldi egon ez dana, harik eta osasunak lagundu deutsan arte. Burua argi azkeneraino. Osasunez be oraintsura arte ondo antzean. Osasun arazo txikiren bat zalako bat korapilatu jakon azkenean eta halantxe ustekabean alde egin deusku.

Hil zan egun berean entzun genduan Radio Euskadiko goizeko Boulevard saioan heriotzaren barri. Telebista-irratietan –bertoko euskaldunetan behintzat– oihartzun bizkorra eta sendoa jaso eban albisteorrek. Politikoa, ez aginte-gizona, ez arte-kultura mundukoa izan ez dan jaun bati eskeinia izateko, sekulako eragina hartu eban berehala, gure euskal gizartean, Juan Zelaia hil zalako barriak. Hurrengo egunean, 11an, Oinatira joanak ginan, hil-kaperan azken agurra emotera. Labayru Fundazioan lankide izan genduan haren loba Asun Gereka, gainerako senitartekoak, Labayrugaz herri-kantu munduan lankidetza izan dauen Ruper Ordorika kantaria eta kultura munduko jentea agurtu genduzan Andres Urrutia euskaltzainburuak eta biok. Arratsaldeko eleizkizunean edozenbat jente, eleiza bate eta kanpo, euskal gizartearen ordezkari gailenak tartean.

Labayru Fundazioak Juan Zelaia jaunagaz izan dauen hartuemona hamarkada luze batekoa izan da. 1994an bultzatu eban enpresari oñatiarrak Euskal Fundazioa izeneko erakunde bat, euskal hizkuntza, kultura eta identidadea zaintzen eta ikertzen laguntzera etozan egitasmoak babestu asmoz, eta horretarako Joseba Intxausti jauna hautatu eban idazkari. Gipuzkoa eta Arabako pertsona eta alkarte batzuetako ordezkari batzukaz batera, Bizkaitik Labayru Fundazioko ordezkariak gengozan, Ander Manterola orduko zuzendaria eta biok.

Aldiango batzarren bidez, uda sarreran eta gabon aurrean, arteztuten zan Euskal Fundazioa, egitasmoak, dirulaguntza izentazinoak, gogoeta. Oñatira deituak izaten ginan, Zañartu auzoko Upaingua etxera ederrera. Harrera gozoa beti, batzar atseginak, giro ezin hobea. Euskeraz izaten ziran jardunak. Juan Zelaiak euskera egiten eban ahal eban guztian, eta halantxe zuzentzen zituan batzarrak. Gaztelania, Arabatik ohi etorren Juan Ramon Gebara kideagazkorako erabilten zan. Holantxe jarraitu genduan Euskal Fundazioaren hegape horretan 2005 urte ingurura arte.

Labayru Fundazioak Juan Zelaia jaunagaz eskertuta egoteko arrazoi sendoak ditu. Frantziskotarren artxiboetako (Arantzazu, Zarautz, Bermeo) euskerazko sermoi-plegu eskuizkribuzkoen katalogoa ez zan burutu izango, Euskal Fundazioaren laguntza tinko luzarokoa izan ez balitz: Euskarazko sermoi eta antzeko eskuizkribuen katalogoa (XVIII-XX) (Bilbao 2005). Gogoan daukat, egitasmo horren garrantzia gure ongile nagusiari erakutsi asmoz, Joseba Intxausti jaunak Arantzazun alkartu ginduzala gutariko batzuk, Candido Zubizarreta eta Juan Zelaia beteranoak gure artean zirala. Biak, gizon argiak eta luzera ikustekoak. Lotan egon dan euskal literatura bat, euskal oratoriaren gordailurik oparoena, babes eta laguntza horri esker agiriratu ahal izan da. Geroak erakutsiko, egindako lan isil nagusi horren norainoko eragina.

Atlas Etnográfico de Vasconia egitasmo orokorreko Ganadería y Pastoreo en Vasconia tomoa be (Bilbao 2000), formato handiko 1020 orrialdeko liburutoa, Zelaiaren Fundazioaren dirulaguntzaz argitaratu zan. Ander Manterola genduan (eta dogu) Atlas horren zuzendaria, eta Zelaia jaunak, Anderren azalpenetara, berehala ulertu eban atlas horren edukiak euskaldunon identidadearen iraupenerako izan eikean garrantzia. Ez bakarrik gure euskal lur txiki honetan; baita be euskal diaspora zabalean be.

Oscar Alvarez Gila historiagileak idatzitako Misiones y misioneros vascos en Hispanoamérica 1820-1960 ikerlana (1998) izan zan, Zelaia jaunaren Fundazioari esker Labayru Fundazioak argitaratu eban beste obra garrantzitsu bat. Ameriketako lurretan sakabanaturik dagoan euskal jatorriko jentea ez eze, euskal misiolariek hango lurraldeetan egindako lanaren lekukotasun ederra.

Arantzazun 2003an eratu zan Euskal Herriko Erlijiosoen Historiako I. Kongresua-k be Euskal Fundazioaren babes sendoa izan eban. Bide batez aitatu daidan, Joseba Intxaustiren papera neurriz gorakoa izan dala egitasmo honetan eta besteetan; Juan Zelaiaren bidelagun ziurra, edozelan be. Kongresu horretan, Fundazioaren izenean Ander Manterola jaunak aurkeztu eban txosten bat, beste txostenakaz batera monografia baten jaso izan zana.

Juan Zelaiak, beragaz egiten genduzan batzarretan, behin eta barriro agertzen eban hemengo eta erbesteko euskaldunen arteko hartuemonak eta interesak estutu beharra. Euskal Herri barruko euskaldunak herri txiki bat baino ez ei ginan mundu zabaleko herri handi ugari indartsuen ondoan. Baina diasporako euskaldunakaz batera, askoz indartsuagoak. Ameriketako euskaldunak zituan, batipat, begipean: Txilekoak eta Argentinakoak, batez be. Euskal Fundazioaren helburuetariko bat, uraz haraindiko euskal komunidadeakazko loturak sendotzea zan, eta horretarako diruz lagundu. Euskal kontzientzia ekumenikoa eukan horretan. Juan mundu zabalean asko ibilia zan, eta ondo ezagutzen zituan Asia, Amerika eta Europa. Israel be bai, eta ondo ekian munduko judu komunidadeek Isralego Estaduari, sortzen eta eusten, emon izan deutsen laguntza. Euskaldunentzat be antzeko zeozer gura eban. Eta ahalegin faltaz ez zan geratu, behintzat.

Juan Zelaia ez da izan politika joera jakin batekoa; hesi bako abertzale zabala baino; zentzurik sakonenean, abertzalea. Bardin lagundu izan deutse joera batekoei zein bestekoei. Modu zabal eta librean. Euskal hizkuntzari lagundu deutso –ikastolei, alkarteei, argitaletxeei, egunkariei–. Euskal nortasunaren aldeko ekimenei lagundu deutse (Jimeno Jurioren Nafarroako historia-kultura-hizkuntza azterketak ditut gogoan). Euskal prentsaren alde egin dauen apostuetariko bat, Nafarroako Diario de Noticias izan da. Nafarroaren euskal nortasuna babesteari ardura handia hartu izan deutso aspaldi-aspaldirik.

Enpresa-gizon gitxi izango dira Euskal Herri guztian, euskal nortasunaren mesedetan Juan Zelaiak hainbat diru eralgi eta babes emon dabenak gerraostetik honako aldian. Juan Zelaiaren lana izan bedi eredugarri eta erakusgarri beste guztientzat, eta gogoangarri euskaldun guztiontzat. Nik, Labayru Fundazioaren izenean egin nahi izan deutsat gogoramenezko idatzi labur hau. Beioako gure betiko agurra, esker oneko agurra.

Adolfo Arejita

2016-09-06

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.