Labayru Gaur

0

Atzoko egunez, 2017ko bagilaren 7a, joan jaku gure artetik Karmele Goñi (Tolosa 1926) zahartzaro betean, 90 urteko zala. Egun batetik bestera txarrera egin eta itxaroteko asti barik agur egin deusku Karmelek.

Ezagutu dogun aldi luzean, euskera, herri ondarea, euskal kultura, euskal erakunde eta alkarteek agirira urteten eben lekuan, han egon da Goñi anderea, aspaldi-aspaldiko urteetatik lehengora bertara arte.

Igaro dan maiatzaren 15ean ikusi genduan akabukoz, Euskerazaleak alkartearen 50. urteurrena gogoratzeko, egun horretako iluntzean Carlton hoteletxean izan genduan ekitaldi ederrean. Amaia alabeak lagunduta etorren, urteen eta osasun ahulduaren astuntasunari goia harturik, bizkorrik eta irribarrez, berak sorrera emoten lagundu eban alkartearen urrezko eztegu ospakizunera hutsik egin nahi ezta.

Martiaren 27koa izango zan, beharbada, beragaz egon ginan arteragoko hitzordua. Labayru Fundazioa ren Batzar Nagusia Bilboko Rekalde aretoan. Seme eta alabaz lagundurik etorri zan orduan be, gogoz, kemenez eta irribarretsu orduan be, “Labayru Ikastegia”k, Batzar Nagusiagaz batera, erakunde lez sortua izan zaneko 40. urteurrena gugaz batera ospatzera.

Ekitaldi horretan izendatu ziran “ohorezko laguntzaile” Labayruren sorkuntzan partaide eta laguntzaile izan ziran eta bizirik egozan guztiak. Karmele Goñi anderea ez zan horreen artean, lehenagorik beren-beregi izendatu izan ebalako Labayru Fundazioak ohorezko laguntzaile 2014ko maiatzaren 8an, Batzar Nagusiaren anparoan, Batzar Nagusien aretoan, bere meritu apartekoak zirala medio.

Laguntzaile ohorezko izendatu genduanean, Karmelek, bere esker-emote berben artean autormen esanguratsuak egin zituan Labayru Fundazioagazko. Batetik esan eban: “Senarra neban Jose Maria Mujikaren bitartez heldu nintzan Labayrura, eta Etniker Egitasmorako lan egin dot, ikerketa honetan diharduen taldeetako kide gisa”. Eta bestetik: “Nire ekarpenik handiena, belaunaldi jakin batekoa izanari zor deutsat: euskal hizkuntza, eta bardin gure herri-nortasuna indartzen eta zabaltzen ahalegin egin izana”.

Labayruren sorreratik bertatik egon ziran Jose Mari eta Karmele senar-emazteak, eta honen ahizta Mirentxu, erakundeari estu loturik. Bai euren ekimenez, bai diruz lagundu izan deutse biek Labayruri. Eta Jose Mari Mujika senarra, aldi baten Artezkaritza buru izan zana, hil ondoren, Karmele emazteak hartu eban bien lekukoa, eta ondoko aldi luze horretan, berau izan da Labayruren laguntzaile handietarikoa eta ongile berebizikoa. Hutsik egin barik etorten izan da, azken aldion be, Batzar Nagusietara.

Euskerazale handia dala erakutsi dau Karmelek bere ibilbide guztian. Seme-alabak euskeraz hazi Bilbo erdian, senarrak euskera jakin ez arren. Kemenez eta adorez eutsi deutso gogor eta beti bere euskalduntasunari.

Bost seme-alabaren ama, umeek eskolea euskeraz hartu egien bost ahalegin egin zituen Karmeleren familiak, Bilboko beste familia batzukaz batera, eta halantxe sortu eben 1966an Resurreccion Mª Azkue ikastola, geroago 1972an Lauro ikastetxea izango zanaren hazi goiztiarra. Egitasmo bietan ibili zan buru-belarri Karmele, Tere Rotaetxe eta beste batzuekin batera. Emakumeak aurrerengo zirala euskerearen aldeko beharleku horretan.

Kristinau sustrai sendokoa izanik, kristau dotrinea euskeraz emoten be, beste emakume batzuekin batera gogotik ekin eutsan aspaldiko urteetan, Jose Maria Rementeria eta Klaudio Gallastegi abade jaunen laguntzaz, Bilbon hori gatxa eta latza zan urteetan. Gerora be euskerazko dotrineak Bilbon loraldirik ez dau ezagutu, baina ahaleginak ez dira alperrekoak izan. Euskerazko deboluzino liburuak ardura handiz jagon izan ditu Karmelek bere etxeko epeltasunean, kristau dotrinea umetxoei irakatsi beharraren testigu bizi balira lez.

Euskal etnografia eta horren barruan berariaz herri janzkera izan dira Karmelek gogotik ikertu eta baliotan ipini dituenak bere bizitzan. Euskal Herriko Etniker taldeetako kide 1964. urtetik, ahizta Mirentxugaz batera. Jose Migel Barandiaranek prestaturiko inkesta etnografikoa Goierriko Zeraingo herrian aplikatu eban, eta emaitzak argitaratu. Jaiotzaz tolosarra izanagaitik, Zerain eta Goierri aldeko herriak ondo eta hurretik ezagutzen zituan, aldiroko egotaldiak herri horretan egin ondoren. Bertatik bertara eginiko etnografía ikerketa izan da Karmelerena.

1980-1997 bitartean Bilboko Euskal Museoaren zuzendari izan zan, eta beraren ahaleginari zor deutso museo horrek, bertako ondarea Euskal Herri osoaren eremura hedatu izana eta, besteak beste, euskal janzkera tradizionalen erakustoki aberatsa bihurtu izana.

Euskal Herriak, Bizkaiak eta, zelan ez, Labayru Fundazioak asko zor deutso Karmele Goñi andereari. Agur eta ohore, Karmele.

 

Adolfo Arejita

Labayru Fundazioaren zuzendaria

2017-06-08

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.