Apirilaren 21ean Kili-Kiliri buruz hitzaldia egin dogu Euskal Museoan, gai beraren ganeko erakusketaren atxakian. Hiru hizlarik parte hartu dabe: Jesus Eguzkiza Eguzkik, Asier Astigarragak eta Lorea Bilbaok.
Helburua zan bakotxak Kili-Kiligaz euki dauen esperientzian oinarrituta, hari buruzko ikuspegia zabaldu eta osotutea. Eta halan izan da.
Eguzkik zortzi argazkitan bere ibilbide personalaren barri emoteaz ganera, Kili-Kili eta bere arduraduna Jose Antonio Retolaza batu ditu.
Asier Astigarragak barru-barrutik berba egin dau, bizipen personalakaz batera proiektuaren barri azalduta.
Lorea Bilbaok bere bizitza personal-profesionalean Kili-Kiliren esperientziak zertan eragin deutson garandu dau.
Aretoa beteta, entzuleria sano gustura egon da hiru hizlariei entzuten. Estilo eta bizipen oso ezbardinak agertu dira, baina hirurak aberasgarriak guztiz. Saio biribila.