Urriaren 24an goiz osoko jardunaldia egin dogu BBK Kunan, “Kulturartekotasuna. Elkarrekin pentsa dezagun” gaiari buruz.
Zergaitik halako jarduera? Gizartean beharrizana sortu dalako, izan be, gaur egun persona mota asko, kultura eta hizkuntza asko bizi gara berton. Baina alkarren ondoan ala alkarregaz bizi gara?
Labayru beti euskeraren munduan mobidu da, euskalgintzan. Baina gaur eguneko kontestuan euskerea non dago? Zelan lortu geinke euskerea zubi izatea hizkuntza eta kultura ezbardineko personen artean?
Horren harira, iaz Munduenea egitasmoa egin genduan, 10 ipuineko bilduma bat, hizkuntza ezbardinetakoak, jatorriko hizkuntzan eta euskeraz. Abiapuntua kultura guztien errespetua izanda, kulturak zubi bihurtzea izan zan atzetik eragin euskun pentsakerea.
Gaurkoa, lan-ildo horren barruan beste pausu bat da. Jardunaldi honetan kontestua deskribatzen ahalegintzeaz gainera, han hor hemen egiten diran esperientzien barri emon gura izan dogu adibidetzat, eta danon artean aurrera begira zer egin pentsetako giroa sortu.
Guztira 60 lagunek izena emon dabe, gizarteko arlo ezbardinetakoak. Adibidez, euskera mundutik: administrazinoko eta enpresetako teknikariak, erakundeetako arduradunak (udaletakoak, Aldundikoak), hezkuntza arloko jentea (hainbat eskolatakoak, IRALE, Berritzeguneak, Deustu eta BAM unibersidadeak), udal liburutegi, aisialdi- eta kultur-taldeak, scout, euskera-taldeak, EDE Fundazioa, Sabino Arana eta BBK Fundazioak, bestelako erakunde eta alkarteak (Bizkaia Irratia, Unesco Etxea, Gurutze Gorria), eta beste komunidade batzuetako alkarteak (Baskale elkartea, Ukrainakoa, Mauritaniakoa, Asociación Asondebiz, San Nikolas zabalik, Koloretxe, Nazioarteko Elkartasuna, Ongi etorri errefuxiatuak, Norai elkartea-Etorkizuna musikatan, Asociación Agharas…).
Jardunaldi hau egiteko, Bilboko udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta BBK Fundazioaren laguntasuna hartu dogu. Horrez ganera, BBK Kunan erraztasun guztiak ipini deuskuez jardunaldia bertan eroso egin ahal izateko.