Labayru Gaur

0

Labayruko Laguntzaileek urteko Batzar Nagusia egin dabe maiatzaren 29an Bilbon, BBK Gelan. Labayruko Artezkaritza laguntzaileen sarea barriztetako helburuari helduta dabil; horregaitik, ahoz ahoko kanpaina egin dabe, Labayruren inguruan ibilitako jenteari konbitea egiteko batzarrera joan eta Labayru barrutik hobeto ezagutu dagien, laguntzaile egiteko pausua erabagi orduko. Guztira 150 lagunetik gora batu dira ekitaldian.

Batzarra hasteko, Adolfo Arejita Artezkaritzako buruak egin dau agurra, laguntzaileei eta konbidaduei ondo etorria egin, eta aurreko urtetik hona hildako laguntzaileak gogoratuta: Jesus Astigarraga, Txomin Bereziartua eta Leopoldo Zugaza.

Hurrengo puntuan iazko batzarraren akta onartu da. Ondoren, bai jardueren laburpena bai kontuen barri, bideo banaren bitartez emon dira. Eta Gabin Azaola diruzainak kontuak orekatuta dagozala esan dau, baita aurtengo aurrekontua be. Onartu egin dira danak.

Horren ostean Gorka Martínez eta Jokin Gorozika Ohorezko laguntzaile izendatzea etorri da. Biei buruzko gorazarrea egin eta oroigarri bat emon jake.

Aurten Batzarrari ekitaldi kutsua emon jako, horretarako Miguel Zugazak hitzaldia egin dau, Labayruren ereduaz kulturaren eta gizartearen arteko hartu-emonaren ganean. Miguel Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria da, eta Labayruko laguntzaile.

Amaitzeko, Igone Etxebarria zuzendariak etorkizunerako erronkak zehaztu ditu. Labayruren 46 urteko ibilbidean egindako ekarpenak eta lorpenak abiapuntutzat hartuta, aurrera begira lau erronka edo helburu jarri ditu: euskerea, kultur ondarea, kulturartekotasuna eta digitalizazinoa. Helburuok beteteko indarrez agertu da, eta horretarako eskatu dau konbidadu guztien laguntasuna Labayruko kide eginaz.

Amaieran, jan-edana konpartiduz, alkarregaz egoteko tartea egon da. Lagun giroa nagusitu da ekitaldian, ilusinoagaz aurrera egiteko.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.