Ahozko transmisinoa izan da kultura guztietan izaera eta ohiturak belaunaldiz belaunaldi igaroteko bidea. Kasu honetan be, ipuinak eta kontakizunak erabili doguz kulturen arteko trukea egiteko. Beti be, euskera beste hizkuntzetako hiztunentzako zubi izanda.
Hementxe ipuin bakotxaren laburpentxoa.
Txikiak garenean, gatx egiten jaku gauza batzuk ulertzea eta helduek ez dabe jakiten zelan azaldu. Baina 8 urteko Yolotlik eta bere familiak bizitzako gazi-gozoak ulertzen lagunduko deuskue.
Irango herri baten emakume bat bakarrik bizi da bere etxetxoan. Gau euritsua da. Lotara doanean, atea jo dabe. Emakumeak ez daki bisitariek etxea beteko deutsiela. Ba ete dauka danentzako lekurik?
Badakizu zergatik kukamok ez dogun zaratarik egiten jatean? Aspaldi, gizakiak izan aurretik, arrainak ginanean, bazan Awara izeneko izaki bat. Kukamak haren bildur gara, baina jakin nahi dozu zergaitik?
Arbasoen esanetan, lehen Filipinak herrialdea uharte handi bakarra zan eta erraldoi bi bizi ziran bertan. Behin ostrak jatean, perla liluragarriak aurkitu ebezan. Jakingo ete dau bikote horrek aurkitutako altxorra partekatzen?
Ukrainako paraje eder baten, aitita-amamak bilobagaz eta hainbat animaliagaz bizi dira. Udabarrian, aititak arbi-hazia erein dau. Hain ondo zaindu dabe, batzeko orduan ezuste itzela hartuko dabe.
Bazan behin March izeneko errege bat. Oso agintari ona eta maitatua zan, baina lotsatzen eban sekretu bat eukan. Egun baten, Bevan herriko bizarginari bere sekretua aitortzea erabagi eban. Baina gai izango da Bevan sekretu hori gordeteko?
Orain dala asko, Polonian, Krak erregea bizi zan Wawel muinoan. Herritarrak pozik bizi ziran, harik eta gazteluaren azpian egoan piztia jentea eroaten hasi zan arte. Nor ausartuko da piztiari aurre egiten?
Mendi baten magalean ogro gorri bat bizi da. Itxura bildurgarria badauka be, zintzo-zintzoa da. Herritarrek ez dabe halan ikusten, ostera. Ogro urdinaren laguntzaz, hori konpontzen ahaleginduko dira.
Orain dala urte asko, Hacivat eta Karagöz izeneko lagun bik magia-liburu zahar bat aurkitu eben. Sorginkeriak egiten hasi ziran, eta herritarrak txundituta itxi ebezan. Baina trikimailuak ez dira beti nahi bezala ateraten.
Afrikan bada Sahara izeneko basamortua. Shertat eta Zahra senar-emazteak han bizi ziran. Zahrak familiaren falta eukanez, bisitan joatea erabagi eben. Konbidatuak bazkari oparo bategaz hartu ebezan. Baina nahikoa ete da Shertat tripontziarentzat?