Gaur goizean MUNDUENEA, Munduko ipuinen etxea II ipuin-bilduma aurkeztu dogu Bilbon, Aldundiko prensa-aretoan. Ekitaldia Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol Saileko ahaldunaren berbakaz hasi da. Bertan bat egin dau egitasmoagaz, holakoen preminea azpimarratuta.
Bere ostean parte hartu dau Mª Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskara zuzendariak. Udaleko arduren artean euskerea era guztietako herritarren artean zabaltzea dagoala-ta, hor kokatu dau egitasmo honetan emondako babesa.
Izan be, egitasmo honek hainbat erakunderen laguntasuna hartu dau: Aldundiko Euskera Sustatzeko Zuzendaritzarena eta Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritzarena; Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena eta Hezkuntza Sailarena; eta Bilboko Udalaren Euskera Zuzendaritzarena.
Hizlarien tartea Igone Etxebarria, Labayru Fundazioaren zuzendariaren berbakaz amaitu da. Bertan bildutako guztiei eskerrak emon eta egitasmo berezi honen nondik norakoak azaldu ditu. Munduenea kultura ezbardinen artean zubiak eregiteko sortu zan, ipuinen bidez umeengana eta familiengan heltzeko asmoz. Produktu oso ondo egina da, idazle-marrazkilarien lan bikainagaz. Testuak irakurteko ezeze, entzuteko be egokitu dira. Horrez gainera, lehenengo bildumako ipuinak bideo animatu gisara be argitaratuta dagoz. Material osoa munduenea.labayru.eus webgunean dago.
Ekitaldia amaitzeko testu-irakurraldia egin dabe Yolanda Larreategik euskeraz eta Roberto Awanarik Peruko kukama hizkuntzan, hizkera bien sonoridadearen erakusgarri.
Aurkezpenean egon dira egitasmo honetan zeregin desbardinetan kolaboratzaile izan doguzan lekukoetako asko, pozarren euren kulturako testigantza liburu bihurtuta ikusita. Eurak eta euren hurrekoak izan dira ipuinetan jasotako hamar kultura eta hamar hizkuntzetako ordezkariak.