Labayru Gaur

0

Munduenea, Munduko ipuinen etxea 6-10 urteko umeentzako ipuin-bilduma da eta bere helburu nagusia beste kulturek eta hizkuntza-aniztasunak dakartzaten aberastasuna ipuinen bidez erakustea da.

10 ipuineko sorta hau osotzeko Bizkaian bizi diren 10 kultura eta 10 hizkuntza desbardinetako barriemaileengana jo dogu. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak egindako hizkuntzen mapan, hiztun gehien dabezan hizkuntzak aukeratu dira. Honeexek dira: arabiera (Aljeria), errumaniera, frantsesa (Frantzia), galegoa, katalana, portugesa (Brasil), txinera, urdua (Pakistan), wolofera (Senegal) eta jorubera (Nigeria).

Munduko 10 hizkuntzak identifikatu eta hiztunak bilatu eta gero, bakotxari ipuin bat eskatu jakon. Kontakizunak euskeraz itzuli eta adin tarte horretako umeentzako eredu egokira ekarri dira. Horretarako, jatorrizko testuak eta esaldiak moldatu, berenberegiko marrazkiak egin, eta maketazio txukuna eta deigarria landu dira.

Ipuin-bilduma honek barritasun bi eskaintzen ditu. Batetik, ipuinak hizkuntza bitan emoten dira: jatorrizkoan eta euskeraz; eta bestetik, irakurtzeko ez ezik, QR kode baten bidez hizkuntza bietan entzuteko euskarria be badaukie. Horrez ganera, ipuin bakotxean erabilitako hizkuntzaren gaineko jakingarri batzuk sartu dira: ezaugarriren bat, munduan non erabilten dan eta hamar berbako hiztegitxoa.

Ipuinen ganeko informazino guztia biltzeko webgune barria sortu dogu, eta audioak dagoeneko sarean entzungai dagoz: munduenea.labayru.eus

Labayru Fundazioak sortu eta landu dau egitasmo osoa; bertatik egin dira koordinazino, produkzino eta zuzendaritza lanak. Baina bidelagun ugari behar izan doguz proiektua aurrera eroateko. Hasteko lekukoak aitatu behar doguz, eurak bideratu deuskuez testuak eta eurek grabau dabe hizkuntza bakotxeko ahozko aldaera. Horrez ganera, Yolanda Arrieta idazlearen parte hartzea be izan dogu, berak moldatu dauz testuak eta berena da euskerazko bersinoaren off-ahotsa. Marrazkiak Enrique Morenterenak dira, eta audioen grabazinoaren eta edizinoaren ardurea Irati Zarandonarena izan da.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantziazinoa izan dau. Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Hezkuntza Sailaren laguntza izan dugu. Eta Bizkaiko Foru Aldundian, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarena alde batetik, eta Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritzarena bestetik.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.