Labayru Gaur

0

Bueltan da beste behin Botaba egitasmoa, aurreko hiru edizinoetako helburu beragaz baina guztiz erabarriturik.

Botaba Erronka esamoldeak gazteen artean zabaltzeko bideo-lehiaketa lez jaio zan orain dala hiru urte Instagramen. Bideo laburretan esamoldeen erabilera irudikatzeko eskatzen zan, eta zein baino zein lan original eta zelebreagoak jaso genduzan parte-hartzaileen aldetik.

Oraingoan, ostera, Euskal Esamoldeen Unibertsoa eratu gura dogu urte osoko ekimen jarraituan. Kalean eta lagunartean darabilguzan esapide kolokialen erabilera modu dibertigarri eta dinamikoan sustatu eta bultzatu gura dogu. Ligetako orduan, parranda-giroan, lagunari adarra joterakoan… adierazkortasunez jarduteko beharrezko baliabideak jolasaren bitartez ezagutarazo gura doguz, parte-hartzaileakazko interakzinoa sustatuz. Eduki didaktikoez gainera, egunean-egunean euskal esamoldeei lotutako erronkak proposatuko deutseguz, euren egunerokoan baliagarriak baizen erabilgarriak izan leitekezan esaldi eginak eskura daiezan.

Aurreko urteetan lez, egitasmoaren oinarria Labayru Hiztegi Fraseologikoa eta bertan baturik dagozan esamoldeak izango dira, baina aldi berean, kaleko erabilera naturala be ekarri gura dogu Botaba Unibertsora, erdi ezkutuan dagozan esamoldeak agirira ateraz.

Horretarako, esparru desbardinetako euskal pertsonai erreferenteen kolaborazinoa izango dogu, kirol mundukoak, kultura arlokoak eta komunikazinoaren esparrukoak, besteak beste. Honezkero, hainbat aurpegi ezagun batu jakuz ekimenera, lekuan lekuko esamolde fresko, kolokial eta lagunartekoen barri emoteko konpromisoa hartuta. Izan be, euren ahotik entzundako esamoldeak beti dira lagungarri gazteen artean errazago zabaltzeko.

Zozketak, lehiaketak eta sari ederrak

Astean-astean hainbat proba eta erronka bideratuko doguz @botabaunibertsoa Instagram kontuan: asmakizunak, hizki-zopak, jolasak, galderak, hieroglifikoak… Hilean behin zozketak egingo doguz parte-hartzaileen artean, eta gazteen gustu eta zaletasunen araberako sariak bananduko doguz. Horrezaz gainera, egitasmoak iraun bitartean, aldian-aldian lehiaketatxoak antolatuko doguz sari bereziagoak irabazteko aukereagaz.

Jolasaren bitartez, berein esamolde ikasi, zeureganatu eta alkarbanatzeko abagune ederra dozu hau.

Sartu zaitez Instagramen eta batu zaitez Botaba Unibertsora!

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.