Joan dan urtean, beharrean erretiroa hartu, eta Labayruko Euskal Bibliotekara etorten hasi zan Iñaki de Nicolas Pinto. Barakaldoko seme honek pegatinak batzeko eta aztertzeko zaletasuna gazte-gaztetatik landu izan dau, eta horren emaitza dira Euskal Memoriaren Fundazioak argitaratu eutsazan liburuak: Euskal Herriko pegatak 1965-1979 (2016), eta Euskal Herriko pegatak 1980-1990 (2019).
Labayruko artxiboan hainbat eta hainbat pegatina dagoz, batuta bai, baina katalogetako. Eta horretan dabil Iñaki, astean behin bertan beharren. Pegatina bakotxa digitalizau, album baten zenbakituta sartu, eta fitxa beteten dau, hainbat datugaz: gaia, data, neurria, nork egina dan, zer aldarrikatzen dauen, ze egoeratan sortu dan…
Honezkero 626 sailkatu ditu, baina bertan dagozan kutxak ikusita, badauka nondik ibili.
Barakaldoko seme honek irakaskuntzan emon dau bere ibilbide profesionala, Barakaldon bertan Lehen Hezkuntzan, eta gero nagusien eskoletan Lamiakon eta Barakaldon.
Pegatinen zale handia dogu, honezkero bildumagilea be esango geunke. Berak dinoanez, pegatineroak urtean behin alkartzen dira, eta honezkero alkartea be sortu dabe, Euskal Herriko pegatineroen alkartea, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako kideak dituana. Horrez ganera, Iparraldea ondo jagoten dabe, hango materialak batzeko. Eta Espainiako hainbat lekutako zaleakaz be hartu-emon estua daukie.
Holako topaketetan trukeak egiten dabez, bakotxaren bilduma ugarituteko. Izan be, Iñakik berak 67.000 aleko sorta dauka, ondo jagonda, digitalizauta eta dokumentauta.
Pegatinak gai askotakoak dagoz, garaian garaikoak. Alderdi politikoenak, sindikatuenak, amnistiaren aldekoak, aldian aldiko arazoen gainekoak, aldarrikapen laboraletakoak… 1975-1980 inguruan boom handia egon zan. Orduan, Iñakik gogoratzen dauenez, alderdi, sindikatu eta alkarte guztiak bikoiztuta egozan, hemengoak alde batetik eta estatalak bestetik. Bere ikasle garaian unibersidadean zortzi bat gazte-talde egozala gogoratzen dau, eta Barakaldon era bietako erakusgarri guztiak. Garai horretan pegatinak asko egiten ziran era guztietako aldarrikapen, ospakizun eta jaietarako.
Gaur egun be egiten dira hondino pegatinak, baina gitxiago eta epe laburragokoak. Orain ez dago inprentara eroan beharrik, fotokopiau egin daitekez, eta horrez ganera, alderdi eta sindikatu guztiek daukie makinea euren egoitzan inprimidu ahal izateko. Era berean kaxkarragoak dira, baina egun bateko ekitaldi edo manifestazino edo alkarrikapen baterako, urtenbide erraza daukie. Kanpaña serioagoetarako inprentan egiten dira.
Labayrun gordeten eta katalogetan jarraitzeko gogoa daukagu, bihar-etzian argitaratu ahal izateko.