Bediako kultur ondarea zabaltzeko beste bideo bat egin dogu Labayrun, “Mandoiako jentilak” izenekoa. Ibilbide baten bitartez, Eroso-Ugarteko Tosubando torretxea, Ereño auzoa eta Mandoia mendiari buruz hainbat jakingarri zabaltzen dira. Lehenagoko bizimodua, etxeen izenak, mendi-tontorrak, jaiak eta ospakizunak… hori dana erakusten da bideoan.
Baina ez lur ganekoa bakarrik, azpikoa be kontuan hartu da. Izan be, inguru horretan guztian burdina dago eta lehenagoko haizeolen hondarrak hainbat lekutan dagoz.
San Martin ospatzen da Ereñon; hori dala-ta, azaroaren 12an, ermitan bertan ikusi ahal izan eben bideoa bertara hurreratutakoek. Aurrerantzean, Labayru Fundazioko Youtube kanalean, zein Bediako Udaleko webgunean ikusgai egongo da.
Urtero Martin Atutxaren omenez egiten dan mendi-martxako bideagaz bat dator bideoan jasotakoa. Lehena eta oraina bat eginda, gerora begira.