Ondareko egitasmoen artean, liburua argitaratu barri dogu: Bedian jai giroan herriginen izenburukoa. Bediako udalaren eskariz egindako proiektua da, urteokaz harako egin doguzan beste hainbaten jarraipena.
Oingoan jaiak aztertu ditugu, urteko zikloa kontuan hartuta. Jaiak beti ospatzen ditugu jenteagaz, alkartean, dala familian, dala lagunakaz, dala herrian. Eta urtean zehar euren egun jakinak daukiez, bakotxak ospatzeko modu bat daukala. Jaiak gure ondare immaterialean bete-betean sartzen dira: gure izakera egiteko pisu identitario handia daukie, komunidade bateko kide egiten gaitue, eta bizitzako aldaketetara egokitzen doaz.
Familiakoen artean ohikoenak bizitzako zikloari lotutakoak dira: umeren bat jaiotea, urtebetetzeak, lehenengo jaunartzea, graduazinoa, ezkontza, heriotza, Gabonak, herriko jai nagusia. Lagunakaz ospatzen dira urtebetetzeak, ezkontzeko despedidak, herriko jaiak eta kuadrillan egiten diran ostantzeko jarduerak. Herrian hainbat jai egiten ditugu: herriko jaiak, auzoetakoak, inauteriak, Aste Santua eta Gabonak, eta urtean zeharreko jaiegun izentauak.
Lehendik hona asko aldatu dira ospakizunak eta ospatzeko moduak, batez be eleizearen indarra galdu ahala. Joan dan mendera arte eleizeak agindutako moduan egiten ziran eleizkizunak eta inguruko hainbat erritu. Halakoak mehaztu egin dira; batzuetan aldatu eta egokitu, beste batzuetan galdu. Baliabide ekonomikoek eta gaur egun orokorrean daukagun eskuarteak be eragin handia daukie ospakizun motetan. Zeresanik ez familia ereduetan eta familia bizimoduan egin diran aldaketek.
Halanda be, jaiok egiten jarraitzen dogu, garaian garaiko bizimodura eta moduetara egokituta. Orain be Gabonetan familia batzen da, aratusteetan tostadak jaten dira, eta sanjuanetan jai handiak egiten dira. Horrek guztiak batu egiten gaitu, alkarte batekoak garala sentiduazoten deusku, eta alderdi horretatik da ondare immateriala. Horren ganeko informazinoa batzea eta herriagaz konpartidutea lan honen helburua.