Vicente Larrea eskultorea (1934-2024), bilbotarra eta artista familia bateko semea hil barri da hile honen 13an, Getxon, 89 urteko zala, larogeta hamargarrenera ailegatu hurren.
Labayru Fundazioak Vicente Larrea artista bilbotarraren gomutaz lerrook idaztearen arrazoi behinena, gure erakundearen kide eta sortzaileetarikoa izatean datza. Sorrerako izendapenez Labayru Ikastegia / Instituto Labayru, euskal kulturaren eta hizkuntzaren ikerkuntza eta zabalkuntzarako erakunde hau 1977. urtean eregi izan zan era formal batez, beronen babespera batu ziran jarduera eta programak 1970. urtetik abian baziran be: Derioko Udako Euskal Ikastaroa, Bizkaiko Etniker taldea eta Derioko Euskal Biblioteka.
Eta erakunde gisa era formal batez eregi izan zanean, Vicente Larrea izan zan sorrera horretan babesleetariko bat. Eta harrezkero Labayru Fundazioaren Laguntzaile izan da ibilbide luze guztian. Labayru erakundeagazko Vicente Larrea jaunak izan dauen lotura iraunkorraren gomutaz, eskultore handi izan danaren oroitzapena egiteko beronen heriotza-unea da abagunerik aiutuena.
Aspaldion beronen izena estaliago egon bada be adinaren poresuz, luzaroko urteetan entzute handiko eskultore lez ezagutua izan da, eta modernitate giroko euskal artearen ordezkari ezagunenetarikoa izan da Euskal Herrian eta erbestean, batez be 1960garren urtetik aurrera.
Euskal Herrian 60-70 hamarrurtekoan arteari modernitate aire bat emoteko mogimentu diferenteak sortu ziran 1966. urtean edo inguru horretan: EMEN Bizkaian, GAUR Gipuzkoan, ORAIN Araban eta DANOK Nafarroan. Euskal Arte Eskola edo Mogimentu zabal horretan, belaunaldi eta joera diferenteetako artistak batu ziralarik. Oraintsu hil dan Agustin Ibarrola bere talde horretakoa zan.
Vicente Larrea eskultoreak, dana dala, horko eta hortik kanporako eta beste lurraldeetako artelari ospetsuakaz hartuemon sendoa euki eban: Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Carmelo Ortiz de Elgea, Eduardo Txillida, Juan Mieg eta beste batzukaz. Euskal Herriko artegintza, tradizinoko estetikatik atera eta modernitate aireaz gaurkotasuna emon gura izan eutsan mogimendu horretako kide izan genduan.
1977. urtean Labayru Fundazioa (lehen Ikastegia eritxona) eregi izan zanean, fundatzaile edo eregitzaile talde bat osotu zan, euskal kulturaren aniztasuna eta bakoxtasunak ordezkatuko zituana. Arte ederren erreferentziazko ordezkari modura Vicente Larrea eskultorea hautatu eben, eta beronek, berbetaz euskalduna izan ez arren, aintzat hartu eban proposamena, eta erakunde barriaren laguntzaile-sortzaile talde hautu horretako kide bihurtu zan. Eta ohorez eta atxikimenduz eroan dau bere bizi guztian lotura hori. 2017an erakundearen 40. urteurrena ospatzean, Ohorezko laguntzaile izendatu zan, eta han egon zan oroigarria hartzen.
Ander Manterola, Leopoldo Zugaza eta Gaspar Martinez izan ziran Labayruren Ohorezko Laguntzaileak bilatu eta izendatzeko ardurea hartu ebenak.
Etxetik ekarren eskulturgintzarako hagea Vicentek; aitatatik eta aurreko belaunalditik. Bilboko uri zaharrean XIX. mende barrenean Bizente eritxon bere aititak tailertxoa martxan ipini ebanetik. Baina Frantzian eta Europan egon izanak edegi eutsazan eskultura modernoaren estetikarako ateak, han 30-40 hamarrekoetan bidea urratzen hasi ziranak.
Derion abadegaien Seminario barria eregi zanean, Gasteizko Eleizbarrutia Francoren aldirik gogorrenetan herendu edo hirurendu zanean, eraikuntza nagusi bien erdian egin zan kapera nagusirako San Pabloren eskultura nagusi bat egin eban Vicente Larrea, orduan eskultore gaztea zanak. 1960garren urtea zan. Horixe da seguruenik Larrea eskultorearen modernitate giroko obrarik goiztiarrena, beharbada.
Larrearen eskulturgintza gure uri nagusietan eta erbesteko batzuetan be ondo agirian geratu da; tamainu handiko obrak nagusiki, baina erdi tamainukoak be hainbat. Bilboko Urian itxi deuskun ikusgarrienetarikoa, Euskalduna Jauregiaren aldamenean datzan Dodecathlos izenekoa dogu. Baina bere jaioterriko beste plaza eta leku seinalatuetan beste eskultura ederrik be laga deusku. Baita Gasteizen eta beste uri nagusi batzuetan be.
Euskal Herriagazko, eta berariaz euskal artegintzaren XX. mendeko barrikuntza prozesuan partaide sendoa eta agirienetarikoa izan da Vicente Larrea.
Eta Labayru Fundazioaren eraikuntzan be eragile izan zan aldi gatx eta latzetan. Eta erakutsi eban, berak lantzen eban arte materialaren ondoan, Labayru erakundeak ordezkatzen eta bultzatzen eban ondare ez-materialaren aldeko borondate eta ahalegina.
Labayru Fundazioak esker ona eta zindoa besterik ez deutso zor erakundeari sorreratik gehiago erakutsi izan deutsan eraspenagaitik. Eskulturetan eutsi dauen iraunkotasun horren lekuko eta motore izan bedi Labayru Fundazioa be.
Adolfo Arejita
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.